XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bainan Aita Lhande-ren euskal obrarik handiena izan da haren euskal-hiztegia, 1.117 paia dauzkana, Xubero, Baxenabarre eta Lapurdiko 60.000 hitzez goitirekin.

Lan horri buruz bazuen berak bildurik eta bil-arazirik hainitz eta hainitz nota balios.

1.926-ean hasi zen Dictionnaire basque français horren argitaratzen, bainan berrehun bat paia ateratu-ta, gelditu zen ezin jarraikiz bertzelako sailek itoa baitzen.

Eskualzale guziak penatuak ziren.

Eta egun batez, Aranart apezak eta biek deliberatu ginuen gure laguntza eskainiko giniola Aita Lhande onari.

Onhartu zaukun eta bere nota guziak igorri zauzkigun berehala: 1.938-an hiztegia bururatua zen: atsegin hartu ginuen eta aita jesuistak nolaz ez?.

Erdarazko bertze lanak

Aita Lhande ez zuten Pariserat bildu eskualzale gisa, bainan apez-lanetarat.

Aitzinean ere egin zuen apez-lan, eta jalgi zituen araberako liburuak.

Gazte altxatzen ari izanik, Jeunesse izkiriatu zuen erakusteko nola iduk gaztekilakoa; Luis nobelan ikus ditake nola ama batek, nahas eta gal dezaken bere semea: Mon petit pretre nobelan aldiz nola amak salba dezaken.

Fils de Dauphin eta Les lauriers coupés familiaren batasunari buruz eginak dira.

Un maampicirc;tre humaniste Le Père Longhaie liburuak orroit-arazten du jesuita predikari gaiek ukaiten zuten erakaspena.

Les Mouettes nobelak erizainen eginbideak aipatzen ditu alegia deus-ez.

Les Mémoires d'un écureuil liburuak ere badu bere zuhurtzia.

Pariserat-eta, Aita Lhandek aurkitu zuen nun zer egin.

Dubois kardinaleak galde egin zion iker eta sala zezan hiri nausiaren inguruetako miseria gorria, hango eliza eta apez eskasa, bainan ere han gaindi zerbait ongi egiterat ari zirenen merezimendua.

Gure ikertzale suharrak bazterrak inarrosi zituen bere artikulu, hitzaldi eta hiru liburuekin: harrigarriko arrakesta ukan zuten Le Christ dans la Banlieue, Le Dieu qui bouge eta La Croix sur les fortifs izenekoek.

Ohart ondorioreri: Bortz urtez eraik-arazi zituen 52 eliza, 90 gazteen bil-toki, 52 parropia-etxe, 40 eri artategi, 12 eskola, 8 haur baratze eta 14 haurtegi.

Bigarren sail bati lotu zen Aita Lhande: Radioz predikatzieari, ordu arte Frantzian segurik nehor ez baitzen atrebitu lan hortara.